IV BBF 2025 Saria

JIMMIE VAUGHAN, BILBAO BLUES FESTIVAL 2025 SARIA

Bluesaren festa handia lehen mailako nazioarteko erreferente gisa finkatutako hiribildura itzuliko da uda honetan. Bilbao Blues Festival jaialdiaren laugarren edizioa uztailaren 25etik 27ra egingo da, eta Areatza izango da agertoki nagusia. Edizio honetan, Jimmie Vaughan (Texas, 1951) bluesaren legendak jasoko du saria. Lau Grammy irabazi ditu, eta Estatuan emango duen kontzertu bakarra izango da.

1976an The Fabulous Thunderbirds talde mitikoa sortu zuen Kim Wilson abeslari eta harmonizistarekin, Keith Ferguson baxu-jotzailearekin eta Mike Buck bateria-jotzailearekin. 1989an taldea utzi ondoren, bakarlari gisa ibilbide distiratsua hasi zuen.

“Pixkanaka, jaialdia finkatzen joan da, hiriko jaialdien egutegiaren zati garrantzitsu bat bihurtu da, eta dagoeneko erreferente bat da nazioartean. Aurten bereziki pozik gaude txapela Jimmie Vaughani jartzeagatik. Urte asko generamatzan haren atzetik, baina beti egon da konplikazioren bat, ezinezkoa bihurtu zuena. Vaughanek eta laster iragarriko ditugun gainerako artistek jaialdi handi batez gozatuko dute “, adierazi du Carlos Malles jaialdiaren zuzendariak.

BLUES GITARRAREN IZAR HANDI BATEN DOTOREZIA

Jimmie Vaughan (Oak Cliff, Texas, 1951), blues amerikarraren historiako gitarra-jotzailerik bikainenetakoa, lau Grammy Sari eta zortzi izendapen ditu bere ibilbide arrakastatsuan zehar. Aitak animatuta, oso gazterik hasi zen jotzen, eta Stevie Ray anaia txikiaren aholkulari eta irakasle ere izan zen. Stevie Ray gitarraren kondairarik handienetako bat da, eta 1990ean hil zen hegazkin istripu batean, 35 urte zituela.

70eko hamarkadaren erdialdean, The Fabulous Thunderbirds sortu zuen Wilsonekin batera. Talde horrek garai hartako bluesa modernizatu eta freskatu zuen, eta zazpi disko grabatu zituen 1990era arte. Orduan ekin zion “Family Style” proiektuari, handik gutxira desagertu zen Stevie Rayrekin batera.

Vaughanek hiru urte geroago ekin zion berriro bakarkako ibilbideari. Orain arte, kolaborazio ugariren protagonista izateaz gain, bost disko-lan kaleratu ditu: “Strange Pleasure” (1994), “Out there” (1998), “Do you Get the Blues?” (2001) eta “Plays Blues, Ballads & Favourites” (2010) eta “Baby please come home” (2019).