Power bluesaren erregina
Ana Popovic (Belgrad, Serbia, 1976) 25 urteko ibilbide artistiko nabarmena duen gitarrista eta abeslaria da. Fender Stratocaster bereizezina sorbaldan duela, teknika bikaina erakusten du, baita eszenatokien gaineko presentzia dotorea eta kementsua ere.
Popovic blueswoman bat da, power blues, soul eta rockaren eremuetan uretan arrain gisa mugitzen dena. Bonnie Raitt eta Susan Tedeschirekin batera generoaren “triunbiratu” femeninoa osatzen du, eta bere aurkezpen txartelean B.B.King, Buddy Guy, Jeff Beck edo Joe Bonamassarekin partekatutako emanaldiak agertzen dira, bai eta Blues Music Awards sarietarako izendapen ugari ere. Izan ere, aurten Blues Rockeko artista onenaren eta Blues Rockeko album onenaren izendapena jaso du “Power” bere bakarkako bederatzigarren lanarekin, blues-rock, soft-jazz eta pop ñabardurez betea dagoena. Bere ustez, diska hau “oso berezia da, munduak behar duen batasunari eta adiskidetasunari buruz hitzegiten duena”. Bertan, bere izaera erresilientea eta minbiziaren aurkako borrokan izan berri duen jarrera positiboa erakusten du.
